XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

MINTZOEN MINTZAK, JOXE AUSTIN ARRIETAK KALERATU BERRI DUEN 3. POESIA LIBURUA.

Susmoa dut zenbait autore zahar oso azkar hilobiratu ote ditugun

Zazpi liburu dira dagoeneko Arrietaren lumatik agertutakoak, poesiazkoa azkenengoa, duela urte bete edo burutu zuena eta Mintzoen mintzak izenburupean Elkar etxeak oraintsu ekarria.

Euskal poesigintzari erreferentzia frango egiten dator, hala molde zahar nola berriari.

Zumetaren ilustrazio batez apaindutako 115 orrialdetako liburua dugu Mintzoen mintzak.

Iragan mendeetarik abiatu eta Axular eta Lizardirekin batera, Artze eta Juaristiren erreferentziak irakur daitezke besteak beste euskal poesiak urteetan zehar eman duena nolabait gogoratu asmoz.

Euskal poesigintzaren inguruko jorraketa sakona entseiatu du Joxe Austin Arrietak nolabait ere zenbait autore zaharrekiko batipat Lizardirekiko maitasuna agertzen duelarik.

Halaber poesiaz sentimendu frango azal daitezkeela azaldu nahi izan du idazle donostiarrak burutu berri duen lanarekin gai politikoak ere barne direlarik.

ARGIA - Zein izan da liburu hau gauzatzeko jarraitu duzun bilakaera?.

J.A. ARRIETA.- Liburu hau bi kolpetan egina dago, orain dela bi urte bata eta igaz bestea.

Aipaturiko bigarren kolpe honetan dexente aldatu nuen hasierako asmoa, poema mordo bat errespetatu baldin badut ere, berri asko gehitu dudalarik.

Gerora aipatuko dugun Mintzo zaharra eta Mintzo berriaren arteko egituraketa bigarren garai honetakoa dugu.

A.- Liburuan zehar egiten dituzun euskal literaturarekiko erreferentzi ugariekin, poesiak nolabaiteko ordenamendu bat behar duela esan nahi duzu?.

J.A.A.- Idazle guztiek saio edo liburu berri bat gauzatzeko orduan beti ere erreferentziekin jokatzen dugu, literatur erreferentziei buruzko birkokaketa bat hain zuzen ere.

Behar bada liburu honetan aurrekoetan baino nabariago da jokaera hau.

A.- Zer dela eta da joera hau hain nabaria? J.A.A.- Gure ziklo poetikoetan zenbait autore zahar oso azkar hilobiratu ote ditugun susmoa dut, eta ni Lizardiano peto petoa naizenez, Lizardiren berrirakurketa bat, birkokaketa bat burutu dut.

A.- Nola azalduko zenuke liburuaren zatiketa?.

J.A.A.- Aintzin solasa delako lehen zatian, hitz poetikoaren betiko bilaketa, norberaren barrunbeetara bueltatze bat gauzatzen da; ixiltasunetik hitz poetikoaren sorreraren fenomenologia txiki bat egiten da.

Mintzo zaharrak dena delako honetan, gure tradizio poetiko zaharraren, edo ez garaikidearen (nahi baldin bada), errepaso bat dago, nere buruaren kokatze bat.

Poesiaren basoaren barrenako gorabeherak lirateke hauek, lupaz edo konplizitatez irakurriz gero aipamen guztiak identifika daitezkeelarik.

A.- Mintzo berria delakoaren barruan jokaera ezberdina azaltzen duzu zenbait autorekiko, batzuk maitekiroz eta beste batzuk gorrotoz.

J.A.A.- Poesia ere, zergatik ez, izan daiteke polemikarako, liskarrerako barrunbe bat.

Badakit zenbaiti ez zaizkiola egokiak iruditzen egiten ditudan gorabehera horiek, baina nere ustez poesia errealitate mota guztietara iritsi daiteke, eta bide hau jorratuz, terreno ezberdinetara ailatzen saiatzen naiz.

Zenbait poemen bitartez kokapen ideologikoa ere ematen da, ez soilik estilistiko edo literarioa.

Idazleak dituen literatur erreferentziei buruzko birkokaketa egiten saiatu da.

Nagusien artean, Etiopia, Marinel zaharrak eta Marginalia aipatu dizkigu.